AURKEZPENA
Gure erkidegora
gero eta etorkin gehiago iristeak eta gure lurraldean hainbat mendetatik
bizi diren gutxiengo kulturalak egoteak erronka berriak planteatzen
dizkio gure hezkuntza-sistemari. Horrez gain, hezkuntza berriztatzeko
ildoak jarri behar dira abian, eta eskola kultura arteko dimentsiorako
nola prestatuko den jorratu behar da. Horren bitartez, kultur pluraltasuna
hain nabaria den mundu batean ikasle guztiak aurrera egiteko nola prestatu
behar diren aztertuko da. Dena den, lehentasunez euskal kulturaren berezko
balioak garatuko dira.
Ikastetxean dagoen
aniztasunaren osagaietako bat osagai kulturala da, hau da, balio multzoak,
errealitatea ulertzeko eta errealitatera egokitzeko moduak, ohiturak,
antolamendua, espazioaren eta denboraren egituraketa, botere-erlazioak,
elkar eragiteko jarraibideak eta arau aldakorrak.
Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailak 2003-2004 ikasturtean abiarazi zuen Ikasle Etorkinak
Artatzeko Programa, egungo migrazio-fenomenoaren aurrean egindako hausnarketaren
ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak 2003an onartu zuen Immigrazioari buruzko
Planaren gomendioekin bat etorriz.
Ikasle Etorkinak
Artatzeko Programak honako printzipio hauek hartu ditu oinarri: integrazioa,
berdintasuna, interkulturalitatea eta kalitatea. Programak, beraz, berdintasunean
eta aniztasunarekiko errespetuan hezi nahi ditu ikasle etorkinak, kultura
arteko hezkuntzaren ildotik. Aipatu Programan jasotzen den bezala, Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleentzat materialak didaktikoak
landu eta hedatzeko konpromisoa hartu zuen.
Hasiera batean,
ikasle etorkinei harrera-plana egiteko orientabideak argitaratu ziren.
Ondoren, ikasle etorkinekin lanean diharduten irakasleentzat egokiak
diren material desberdinak landu dira eta bilduma honetan biltzen dira.
Bildumaren izena Zubirik zubi da eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako
irakasle nahiz ikasleentzat diren materialak eskaintzen dira bertan.
TONTXU
CAMPOS GRANADOS
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua