Beti erakargarria iruditu zitzaidan eskola gizarte oso baten kopia zen ideia hori eta, hala ere, gizartearen erreprodukzio hutsa baino askoz gehiago da eskola. Bere gizarte-ingurunearen alaba da, hain zuzen, eskola baina, halaber, gizartea eraldatzeko palanka nagusiena da. Eskolak nahi dugun gizartea aldez aurretik eratu behar du.

Harreman-sistema bat da, batez ere, gizartea eta kide guztien elkarbizitza demokratikoa du izateko arrazoia. Elkarrekin bizitzeko modu baten ispilua da eskola baina, batez ere, ikasleek elkarrekin bizitzen ikasten duten tokia da. Gizarte demokratikoaren arauen eta gurea bezalako balore-sistema baten arabera, alegia. Gure gizarteak, hala ere, hutsegite eta desorekak ditu elkarbizitza demokratikoan eta harreman horiek dakarten hutsunea gainditzen laguntzen du eskolak.

Etorkizuneko belaunaldiak demokraziaren balore integraletan prestatzea da gure hezkuntza-sistemako eskolaren helburu nagusia. Gizarte-ingurunearen eragin kaltegarriak baliogabetzea eta gure ondare humanistaren onena diren balore positiboak sustatzea dira, besteak beste, eskolaren eginkizunak. Pertsonaren oinarrizko eskubideekiko begirunea eta askatasuna, elkartasuna eta enpatia bezalako baloreak lantzea nahi dugun hezkuntza-sistemaren erreferentzia-esparrua dira.

Euskal hezkuntza-sisteman sustatu nahi dugun elkarbizitza-planaren zerbitzuko ahalegin berritzaile baten ildoak dira gida honetan sartzen diren materialak. Gure irakaskuntza-sistemaren azken helburua pertsonaren erabateko prestakuntza da baina alferrikakoa litzateke, aurretik herritar gisa hezi gabe, pertsonari prestakuntza ematen saiatzea.

Gure hezkuntza-sistemari zentzua ematen dioten helburuen zerbitzuko osotasun bat eratzen duten lan-ildoak, aldez aurretik aztertuak eta ebaluatuak, aurkituko ditu elkarbizitza-planerako gida honek azaltzen duen lan-proposamenean irakasleak. Gida hau aurreko legealdian egin zen eta guk berresten dugu, duen balioaz konbentzituta gaude eta.

Gida erabilgarri eta eraginkor hau egiteko prozesuan berritzegune eta lan-talde espezifikoetan parte hartu duten pertsona askoren ahalegina biltzen du lan-material horrek eta gure eskolen onerako izango da.

Gida honek euskal eskola demokratikoago eta aurrerakoiago bateranzko bidea egiteko lagungarri izatea nahi dut.

Isabel CelaĆ”

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua